UEFI darabilen ordenagailu batean (Windowsekin batera) Linux instalatzerakoan kontuan izateko - eviltoast

Egun hauetan Ubuntu instalatu nahi izan dut Windows 11 ere erabili beharko duen ordenagailu batean. UEFI du eta hala mantendu beharko du Windows 11 abiatu ahal izateko, eta saiakera bat baino gehiago egin behar izan dut Ubuntu abiarazi ahal izateko.

Norbaiti lagungarri izango zaizkiolakoan (etorkizuneko niri, adibidez), hemen utziko ditut kontuan izateko ohar hauek:

  • Ziurtatu instalaziorako USBa sortzean UEFI moduan egiten dela. Ubuntuk gomendatzen duen BalenaEtcher-ek ez du aukerarik ematen, ez dakit egiten duen. Rufusek itxuraz bai. Nik dd komandoarekin egin dut
  • Abiorako ezarpenetan (lehengo BIOSean, Esc edo F2 sakatuz) ez desgaitu UEFI. Legacy edo antzeko aukerek Linux abiaraztea erraztu dezakete, baina Windows 10/11 ezingo da abiatu
  • Abiorako ezarpenean, SecureBoot gaituta utziz gero, GRUB abiarazlearen fitxategia seguru gisa markatu behar da (aukera hau ezberdina izan daiteke softwarearen arabera). Niri ez dit funtzionatu
  • SecureBoot desgaitu eta berrabiarazita, Ubuntu aukera agertu zait Boot menuan: Windows Boot Manager baino gorago jarri, eta listo!

Oso lagungarria egin zait eta informazio gehiago dago Linux on UEFI: A Quick Installation Guide orrialdean.