Lemmy.ml gainezka dago Reddit olatuagatik - eviltoast

Fedibertsoko hainbatek jakingo duzuen bezala, Reddit sare sozial zentralizatu eta arrakastatsuak hilabete honen amaieran bere API publikoak itxiko ditu eta orain arte ez bezala, sare sozial hori erabiltzeko modu bakarra beraien aplikazio ofiziala izango da. Horrela, publizitate bidez Redditek irabazi gehiago lortuko dituela suposatzen da.

Arazoa, antza denez, aplikazio hori oso itsusia eta deserosoa dela da. Redditeko erabiltzaile askok eta askok ez dute bat ere gogoko eta beste bezero batzuk erabiltzen dituzte: Apolo iOSekoek, Slide software libre zaleek, Sync… Aplikazio horiek garatzen eta mantentzen dituztenek ez dute (ia) dirurik irabazten eta Redditeko komunitateko kideak baino ez dira. APIa erabiltzearren Redditek eskatzen dien dirutza guztiz lekuz kanpo dago eta beraz, aste gutxi barru aplikazio guztiek ibiltzeari utziko diote.

Redditeko erabiltzaile asko eta asko oso haserre daude, sare sozialean bertan protestan ari dira albistea ezagutu zenetik. Redditeko pilo bat komunitate egun edo aste batzuz isildu egin edo egingo dira, hainbat komunitate APIa publiko izan isilduko direla iragarri dute (beraz, aldaketarik ez badago, betirako itxiko dute).

Redditeko erabiltzaile batzuk alde egiten ari dira. Milioika eta milioika erabiltzaile dira, Reddit munduko sare sozial handienetako baita, beraz, Redditeko errefuxiatuen olatuaz hitz egin dezakegu. Reditoreek (redditors) hau berriz gertatu ezin daitekeen lekuen bila dabiltza. Mastodonek eta Twitterrek antzekotasunak dituzten bezala, Redditek eta Lemmyk ere bai; komunitateka antolatuta daude, bidalketak eta iruzkinak bozkatzen dira… Badira Redditen alternatibatzat har daitezkeen beste software batzuk ere, libreak eta ez libreak.

Kontua da Lemmy.ml Lemmy sare sozial libre eta federatuaren lehen instantzia dela eta baita handiena ere. Azken asteetan jende asko ari da bertan izena ematen eta errefuxiatuen etorrera ikaragarri handitzen ari da hilabeteak aurrera egin ahala. Olatua hazten ari da eta argi dago oraindik ez dela bere gorenera heldu. Hala, Lemmy.ml webguneko administratzaileek arazoak dituzte zerbitzua martxan mantentzeko. Estekatutako albistean azaltzen duten bezala, Lemmy federatua izanik, jendeari beste instantzia batzuetan izena ematea eskatzen diote datorren jende andanari.