4. SLJ Gasteiz (2022ko azaroa) - eviltoast

Kaixo!

Kosta zaio iristea, baina hemen dago 2022ko azaroko Software Libre Jaiaren akta. Oraingoan Gasteizen egin genuen, BioAlai izeneko bazkide kooperatibaren lokalean. Produktu ekologikoak saltzen dituen supermerkatua da eta beraien lokaleko eremu soziala erabiltzen utzi ziguten.

Lehen saioa larunbat goizez egin genuen, gaztelaniaz, eta hiru bazkide etorri ziren beraien zalantzak argitzera:

Elena: hurrengo baterako ordenagailuari Linux jartzea zer den ulertu zuen, eta bitartean trantsizioak egiten hasteko Photoshop beharrean Gimp gehiago erabiltzen hasiko dela esan zuen (dagoeneko ezagutzen zuen; Libreoffice ere erabiltzen du dagoeneko).

Blanca: bere mac ordenagailu eramangarri zaharra ekarri zigun. USB batekin Ubuntu probatu genuen live moduan, baina wifi-a zebilenik ikusten ez genuenez, instalazioa oraingoan ez egitea erabaki genuen, badaezpada ere.

John: ordenagailuan Ubuntu eta mugikorrean Ubuntu Touch zeuzkala erakutsi zigun. Bien arteko sinkronizazioa hobetu nahi zuen, baina ez genuen denborarik izan.

Irudi dezake gutxi egin genuela, baina adin nagusiko hiru pertsona hurbildu eta zenbat hitz egin eta ikasi genuen kontuan hartuta, saio ederra izan zen.

Bigarren saioa asteazken arratsaldez egin genuen, euskaraz. Izaskun etorri zen bere ordenagailu eramangarriarekin. Dagoeneko bazeukan Manjaro, lagun batek instalatu baitzion, baina zalantza ugari zeuzkan. Honako aurrerapausoak eman genituen:

  • Abioko programa batzuk kendu genituen eta berak ikasi zuen nola konfiguratu.
  • Ohartu ginen deskribatzen zituen arazo batzuen kausa seguru aski tekla zikinak zirela (ordenagailua bera bakarrik etengabe zerbait egiten hastea).
  • Bilatzailea Google-rena beharrean beste bat jartzen irakatsi genion.
  • Ordua gaizki konfiguratuta zeukan, konponduta utzi genuen.
  • Ordenagailuari kasurik ez egitean zer egin behar duen zehazteko energia kudeatzeilea erabiltzen ikasi genuen.
  • Mugikorreko aplikazio iragarpenak kentzen saiatu ginen, ez genuen lortu.
  • Fdroid eta Aurora instalatu genizkion, aplikazioak bertatik instalatzeko aukera izateko.
  • Elhuyar hiztegiaren aplikazioa deskargatu genuen.